Azpiegitura

Gernikari kutsadurarik gabeko eta etorkizun oparoko espazio bat itzuli diogu

Inaguraciongernika100
Rementeria: «Gernikari kutsadurarik gabeko eta etorkizun oparoko espazio bat itzuli diogu»
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak iragarri du hogei bat enpresak azaldu dutela Gernikako elkartegi berrian instalatzeko interesa, bai eta martxoaren hasieratik egin ahal izango dutela ere
 
Enpresen zentroan, non, guztira, bederatzi milioi euroko inbertsioa egin den, enpresentzako 14 modulu, 19 industria-pabilioi eta ekintzaileentzako coworking-espazio bat daude
 
Bizkaian, 2019ko urtarrilaren 31n. Gernikan eta Busturialdean garapen ekonomikorako beste eragile bat izango dute martxotik aurrera: elkartegi berri bat. Bertan, enpresak eta ekintzaileak hartuko dira. Guztira, 13.482 m2-ko azalera du lekuak, eta Malta-ren mahai-tresnen fabrika zaharretan dago. Espazioa lortzeko lurzorua berreskuratzeko lan handia egin behar izan da, eta, orain, zonalde horretako jarduera eraldatuko da horri esker: «Hilda zegoen orube bat berpiztu dugu. Hemen jarduerarik gabeko orube bat baino ez zegoen, eta kutsatuta, gainera. Gaur, kutsadurarik gabeko eta etorkizun oparoko espazio bat itzuli diogu Gernikari. Bertan egon nahi duten hogei bat enpresen eskaerak ditugu. 50 lanpostu. Gure helburua da elkartegiak hirukoitza mobilizatzea, hau da, 150 lanpostu. Aurreikuspenen arabera, otsailaren amaieran edo martxoaren hasieran instalatu ahal izango dira», adierazi du Bizkaiko Ahaldun Nagusiak instalazioetara egindako bisitan.
 
Enpresen zentro berrian bederatzi milioi euroko inbertsioa egin da, eta start-up eta ekintzaileentzako guneak izango ditu. Bertan, hamalau bulego-modulu eta hemeretzi industria-pabilioi daude, 250 eta 750 metro karratu artekoak denak. Elkartegi moderno bat da, eta espazio komun batzuk ere baditu, eskualdeko jarduera ekonomikoa zein ekintzailea dinamizatzeko tresna gisa. «Gernikako elkartegia eskualdeko eragile ekonomiko bat izango da.  Gernikan eta Busturialdean jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen lagunduko du. Bizitza-kalitatea hobetuko du, baina ingurumena errespetatuz, eskualde honetan ezinbestekoa baita. Horrez gain, eremuko beste eragile handi batzuei laguntzea espero dut, Maier enpresari, esaterako», adierazi du Unai Rementeriak.
 
Ahaldun Nagusiaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak Gernikarekin eta Busturialdearekin duen konpromisoaren beste adibide bat da elkartegia. Konpromiso horrek enpleguarekin du zerikusia, baina baita herritarren bizitza-kalitatearekin ere. Horri dagokionez, Rementeriak gogoratu du enpresen zentroak bat egingo duela Gernikan eta Bermeon ireki diren bulegoekin, non foru-administrazioarekin izapideak egin ahal izango diren Bilbora joan gabe. Bestalde, milaka gidariren segurtasuna hobetu da Autzaganeko tunelak ireki eta gero.
 
Elkartegiaren ezaugarriak
Enpresen zentroak bi zati ditu: bulegoen modulua eta industria-modulua.
 
Ekintzailetza eta bulegoen moduluan, batez beste 35 metro karratu dituzte hamalau espazio daude. Isolamendu akustikoa dute denek, eta termostato propioa, hargune elektrikoa eta datuen konexioa. 
 
Bestalde, coworking egiteko areto bat dago enpresa-proiektu bat egiteko fasean dauden ekintzaileentzat. Gazteentzako 200 metro karratu inguru daude, sustatu nahi diren jarduerekin zuenean zerikusia duten proiektuak garatzeko. Bertan, 11 lanpostu egongo dira.
 
Industria-nabean, berriz, 19 pabilioi daude, 250 eta 750 metro karratu artekoak. Premien arabera batu edo bereizi daitezke.
 
Bulegoen alokairuaren batez besteko prezioa, gutxi gorabehera, hilean 300 euro da, gastuak kontuan izan gabe. Industria-pabilioiei dagokienez, txikienek 1.000 euroko prezioa dute hilean.
 
Foru-dekretua
 
Bizkaiko Foru Aldundiak urtero berritzen du Elkartegiak programa. Helburua da ekintzaileek eta enpresek jarduera ekonomikoa garatzeko modulu bat edukitzeko aukera izatea Azpiegitura foru-sarea osatzen duten enpresa-zentroen artean.
 
Programaren bitartez, moduluak alokatzeko dirulaguntzak arautzen dira, bai eta dagoeneko foru enpresa-zentroetan dauden enpresen makinetan eta instalazioetan inbertitzeko dirulaguntzak ere. Diruz lagundu daitekeen zenbatekoari dagokionez, hileko alokairuaren % 50eraino iritsi daiteke, eta hobetzeko inbertsioen kasuan % 25eraino.
 
Bizkaiko Foru Aldundiak, gaur egun, honako leku hauetan ditu enpresa-zentroak bulego-moduluekin: Bakio, Barakaldo, Bilbo, Getxo, Durango, Markina, Sondika, Trapagaran, Urduña eta Parke Teknologikoa. Mungia, Boroa, Markina, Sondika eta Urduñakoetan, gainera, industria-moduluak daude. Santurtzin, halaber, El Arbol industrialdean elkartegi berri bat egiteko obrak amaitzen ari dira.