Azpiegitura

Elkartegiak programaren enpresa onuradunentzako alokairu laguntzak onetsita

Elkartegiak programaren enpresa onuradunentzako alokairu laguntzak onetsi ditu Bizkaiko Foru Aldundiak.

Laguntza honi esker, entitate onuradunek % 50eko diru-laguntza jasoko dute industria pabilioiak edo bulegoak alokatzeko.

Elkartegiak Programaren enpresa onuradunentzako alokairu laguntzak arautzeko oinarriak onetsi ditu Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak; aurten 100.000 euroko zenbatekoa bideratuko da programa horretar.

Bizkaiko ekonomiak dituen erronkei aurre egiteko ezinbesteko gakoak dira enpresa berriak sustatzea eta existitzen diren enpresen lehiakortasuna hobetzea, arreta berezia eskainiz enplegua sortzean eta enpleguari eustean; horregatik, laguntza horiei esker, entitate onuradunek industria pabiloiak edo bulegoak alokatzeko % 50eko diru-laguntza jasotzea aurreikusi da. Eskabideak 2016ko urriaren 17ra arte aurkez daitezke.


Alokairuaren prezioa diruz laguntzeko eskubidea jasotzeko baldintzen artean daude, besteak beste, ingurumen kudeaketa edo kalitate ziurtagiriak izatea, enpresako ordezkaritza edo botere esparruetan emakumeen parekotasuna izatea, enpresan bertan berdintasun planak garatzea edota enpresen lantaldeetan desgaitasun aitortua daukaten pertsonak txertatzea.

Bizkaiko Foru Aldundiak egiten dituen laguntzen eta diru-laguntzen deialdietan generoaren aldagaia zeharkakoa izatea lortu nahi du; izan ere, gizarteari berdintasunaren garrantziaz ohartarazteko funtsezko tresna dela ulertzen da.


Laguntzak lehia libreko prozeduraren bitartez emango dira; horri esker, laguntzak modu eraginkorrean esleitu ahalko dira, eskaerak jaso ahala esleituz, enpresa lokalizazioan laguntzeko asmoz, betiere aurrekontuaren eskuragarritasunak horretarako aukera ematen badu. Eskabidea Interneten bitartez aurkeztu beharko da, Ekonomia Sustatzeko Bulego Birtualean (www.bizkaia.eus/sustapena).