Azpiegitura

Imanol Pradalesek uste du erabakigarria dela Europak bere industriaren alde egin dezan

IMANOL PRADALESEK USTE DU ERABAKIGARRIA DELA EUROPAK BERE INDUSTRIAREN ALDE EGIN DEZAN.

Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak Acelor enpresak Sestaoko ACB lantegiko produkzioa geldiarazteko egin duen iragarpena baloratu du eta ziurtatu du "ez gaudela Sestaoko lantegiaren teknologia-arazo baten aurrean, ezta langileen kualifikazio-arazo baten aurrean, prezio-arazo baten aurrean baino".

Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak adierazi du Acelor enpresak Bizkaiko Altzairugintza Trinkoaren (ACB) produkzioa mugarik gabeko epe baterako geldiarazteko egin duen iragarpen hori berez berri txarra dela Bizkaiarentzat eta Ezkerraldearentzat, susperraldiaren lehen zantzuak sumatzen hasten ziren unean lurraldeko industria-sareari ere eragiten diolako.

Sestaoko lantegiaren produkzioa geldiarazteko erabakia eragin duten arrazoiak direla eta, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak azaldu du "ez gaudela Sestaoko lantegiaren teknologia-arazo baten aurrean, ezta langileen kualifikazio-arazo baten aurrean. Prezio-arazo baten aurrean gaude".

Pradalesek gogorarazi du altzairuaren merkatu mundiala une berezi bat ari dela bizi izaten, hiru arrazoi hauen ondorioz: eskari globalaren arazo bat, finkatutako edukiera-gehiegikeria bat eta eragile bat, kasu honetan Txina, produkzioaren % 50 bere eskuetan izanik, Europako merkatua altzairu merkez betetzen ari dela.

Imanol Pradalesek azpimarratu du gainera Europako Batzordeak abendutik hona aztertzen diharduela antidumping neurrien ezarpena eskatzen duen espediente bat eta erabakigarritzat jo du Europak bere industriaren alde egiteko tresnak jar ditzan.

Imanol Pradalesek jakinarazi du Bizkaiko Foru Aldundia ostegun honetan harremanetan jarri zela enpresarekin eta Acelor-eko Madrilgo zuzendaritzarekin eta iragarri du Eusko Jaurlaritzak, Sestaoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak berak komunikazio-bide iraunkor bat dutela zabalik, denok batera eta koordinatuta lan egin ahal izateko. Horrela, Pradalesek aurreratu du enpresarekiko komunikazioa iraunkorra izango dela eta eta dagoeneko bilera formal bat eskatu diola zuzendaritzari, eta bilera hori ahalik eta arinen egin nahi duela, seguruen datorren astean.

Azkenik, diputatuak berretsi du "hasteko eta behin itxiera hau aldi baterakoa izango dela iragarri badigute ere, amaiera-datarik gabekoa, Bizkaiko Foru Aldundian nahi dugu itxiera ahalik eta laburrena izan dadila. Horixe da gure helburua".