Azpiegitura

EJ eta Aldundiak kalteberatasun egoeran dauden pertsonentzat 42 etxebizitza ematea adostu dute

Firma 100EUSKO JAURLARITZAK ETA BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK KALTEBERATASUN EGOERAN DAUDEN PERTSONENTZAT 42 ETXEBIZITZA EMATEA ADOSTU DUTE.
Bi erakundeek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, gizartean baztertua izateko arriskua dakarten egoerei eta errefuxiatuen kolektiboko pertsona eta familien harreratik eratorritako premiei erantzuteko.

• AZPIEGITURAK ALOKABIDEri lagako dizkio etxebizitzak, 36 hilabetez eta etxebizitza bakoitzeko 350 euro/hileko kostuan; ALOKABIDEk kudeatuko du ondorengo alokairua, gizarte-premiei erantzunez.


Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetzarako esparru-hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, Bizkaiko lurraldeko etxebizitza sozialen premiei erantzuteko asmoz; hain zuzen, gizartean baztertua izateko arriskua dakarten kalteberatasun egoerei nahi diete erantzun -esaterako, hipoteken betearazpenak, utzarazpenak, etab.- bai eta Europako 2015eko Krisi Humanitarioaren errefuxiatuen kolektiboko pertsonen eta familien harrerak sortutako premiei ere. Hala, AZPIEGITURAK lurraldean zehar sakabanatutako 42 etxebizitza lagako ditu, eta ALOKABIDEk kudeatuko ditu osteko alokairuak.Honako hauek sinatu dute hitzarmena: alde batetik, Ángel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu eta ALOKABIDE SAren Administrazio Kontseiluko presidenteak; bestetik, Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru-diputatuak, AZPIEGITURAK SAUren titular den Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkari gisa. Akordioak hiru urteko indarraldia izango du; horiek igarotzean, mugagabeki luzatu ahalko da, urtebeteko epealditan, baldin eta bi alderdiak ados badaude.

Bi erakundeen ustez, Bizkaiko etxebizitza sozialen premiei erantzuten lagunduko du hitzarmenak. Izan ere, akordioaren indarraldian etxebizitzak gehitu daitezke, bi alderdiek egoki baldin baderitzote.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak nabarmendu duenez, bere Sailaren 2013-2016ko Etxebizitza Plan Zuzentzailearen barruan kokatzen da hitzarmena: bertan jasotako ardatz estrategikoetan zehazten denez, ekintzak sustatu behar dira talde kalteberenek etxebizitza eskuratzeko aukera izatearekin lotura zuzenean. Bestalde, Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatuak azpimarratu du Bizkaiko Foru Aldundiak urrats garrantzitsuak eman dituela, beharrizan sozial handiak dituzten pertsonei Etxebizitzari buruzko Foru Planean libre eta erabiltzeko moduan dauden etxebizitzak eskuratzea errazteko.

350 euro etxebizitzako

Etxebizitzak ALOKABIDEri lagako zaizkio, etxebizitza bakoitzerako banako gozamen-kontratuen bitartez eta 36 hilabeteko epe batez. ALOKABIDE Eusko Jaurlaritzaren sozietate publiko bat da, eta etxebizitzaren funtzio sozialaren esparruan babestutako alokairua kudeatzeko ardura du. Hitzarmenaren arabera, ALOKABIDEk hilean 350 euro ordainduko dizkio etxebizitza bakoitzagatik AZPIEGITURAK sozietateari -hau da, Bizkaiko enpresa-, gizarte- eta kirol-azpiegiturak proiektatzen, eraikitzen, mantentzen eta kudeatzen dituen enpresa publikoari-.

Gastuei gagozkiela, ondasun higiezinen gaineko zerga AZPIEGITURAK ordainduko du, bai eta, hala badagokio, obren-lizentziagatiko tasa eta eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga ere; ALOKABIDEk, berriz, etxebizitzaren jabegoa dela-eta ezarritako estatu, autonomia, foru eta udal mailako zergak, tasak eta beste zerga-betebeharrak hartuko ditu bere gain: esaterako, estolderia-tasak, zabor-bilketakoak, etab. Argiaren eta gasaren, uraren eta berokuntzaren hornikuntza eta komunitateko gastu arruntak ere ALOKABIDEk ordainduko ditu.