Azpiegitura

Ekonomia eta Lurralde Garapenerako sailaren jarduketa plana

Inmanol Pradales EKONOMIA ETA LURRALDE GARAPENERAKO SAILAK BIZKAIA BERRITZAILE, LEHIAKOR ETA OREKATUA ERAMANGO DU MUNDURA.

• Sail berri hau elkarren artean lotuta dauden hiru arlo handitan egituratzen da: Enpresa sustapena eta ekonomia garapena; kanpoko sustapena eta turismoa; eta azpiegiturak eta lurralde garapena.

• Imanol Pradalesek bost ardatz estrategiko handiren inguruan antolatu ditu legegintzaldi honen lehentasunak. Ardatz horiek elkarlanean arituko dira, lurralde oreka sustatzeko eta Bizkaira inbertsioak, talentua, turismoa eta aberastasuna erakartzeko asmoz, jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sortze aldera.

• Hurrengo lau urteetako proiektu estrategikoen artean nabarmentzekoak dira, batetik, ‘Doing Business in Biscay’, inbertsioak eta talentua erakartzeko; bestetik, Energy Intelligence Center (EIC) delakoa, eta, azkenik, Bidesarean Plana, Bizkaiko eskualde guztietako bide sarea hobetzekoa.

Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapeneko diputatua agertu da gaur goizean, berak eskatuta, Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Lurralde Garapeneko Batzordean. Bertan, Sailak legegintzaldi honetan izango dituen lehentasunak azaldu nahi izan ditu.

Imanol Pradalesek Sailaren egitura berria osatuko duten atalak azaldu ditu, eta, jakinarazi duenez, elkarren artean lotutako hiru eremu handi egongo dira: Enpresa sustapena eta ekonomia garapena; kanpoko sustapena eta turismoa; eta azpiegiturak eta lurralde garapena. Sail berri honek zeregin proaktiboa izango du kalitatezko enplegua sustatu eta ekonomia berreskuratzeko orduan, Bizkaiko interesen eta bere ekonomia eta enpresa sarearen alde egingo du, nazioarte mailan konektatuta egongo da eta inbertsio publikoa sustatuko du, enplegua sortu eta lehiakortasuna hobetzeko funtsezko elementu gisa. "Inbertsioak egingo dira ekonomia eta industria jarduera berriak sortzeko orduan, eta inbertsioak egingo dira lurralde oreka eta lehiakortasuna hobetzen lagunduko duten azpiegitura berrietan. Inbertsio publikoa sustatuko da ongizatea eta bizi kalitatea bultzatzeko tresna gisa", azaldu du Pradalesek.

Barne antolamendu berri honetan, zeharkako ikuspegia integratu da eta Bizkaiko pertsona eta enpresen beharrizanei irtenbide integralak eta zerbitzu osoak eskaintzea da helburu nagusia.

Bost ardatz estrategiko

Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapeneko diputatuak bost ardatz handitan antolatu ditu Sailaren lehentasunak. Horien artean daude, beraz, kanporako proiekzioa, ekintzailetza, industria eta lehiakortasuna, talentua eta lurralde oreka.

1.    Bizkaia munduarekin konektatuta
Ekonomia eta Lurralde Garapenerako Sailak diseinatutako jarduera ardatzetako lehenengoak Bizkaia lurralde erakargarri gisa eta Europaren hegoaldera sartzeko plataforma estrategiko gisa finkatzea du helburu nagusi. Horretarako, azpiegitura modernoen sare sendoa bultzatuko du eta gure lurraldea kalitatezko jomuga turistiko gisa eta berrikuntza, sormen eta talenturako toki gisa indartu nahi du, daukan berezko nortasun kulturala eta gaitasun teknologiko industrial altua ahaztu gabe.

Hala, Bizkaiak kanpoan duen irudia eta nazioarteko foro, azoka eta ekitaldietan duen presentzia indartu nahi dira, nazioartean erakargarriagoa izan dadin eta inbertsioa, talentua, teknologia, nazioarteko proiektu garrantzitsuak, ekitaldiak eta balio erantsiko turismoa geurera errazago sar daitezen. Era berean, kanpoan ekintza zehatzak egiten dituen politika baten ordez, munduan etengabe presente egongo den estrategia bat aplikatu nahi da. Horretarako, sare eta harreman egonkor eta iraunkorrak sortuko dira munduko aukera zentro edo sare nagusiekin eta nazioarteko antolakunde interesgarriekin.

Horrez gain, bikaintasuneko zentro globalekin lotura iraunkorrak sortzeko eta horietakoren bat Bizkaian ezartzeko ahalegin berezia egingo da. Era berean, enpresen eta pertsona ekintzaileen inbertsio produktiboa erakartzen duen eskaintza integrala sortzeko lan egingo da, eta, horren barruan, industria azpiegiturak, finantziazio eta laguntza publiko eskuragarriak eta erakundeen arteko babesa indartuko dira, besteak beste.

2.    Ekintzaile izan eta hazi
Ardatz honetan, enplegu kualifikatua eta kalitatezkoa (startup) sortuko duten enpresa berritzaileen sorrera sustatzeko aukerak indartu nahi dira, horiekin lankidetzan aritu eta nazioarteko erreferentziazko sareetan haz daitezen. Era berean, finantziazio aukera ugari eskainiko dira, arrisku kapitaleko funtsek egin duten ahaleginari esker. Horretan lagunduko dute, hain zuzen ere, mikrofinantziazioak, crowfundingak eta nazioarteko finantzaziorako sarbideak.

Enpresa berriak sortzearen aldeko apustu honetan sartzen dira, era berean, ekintzailetzaren sustapena, batetik, batez ere emakumeen eta gazteen artean, eta kanpoko talentu ekintzailea erakartzeko eta Bizkaian proiektuak babestuko dituzten nazioarteko business angelsak eta arrisku kapitaleko funtsak erakartzeko ahalegin proaktiboa, bestetik.

Sortu berri diren enpresek egungoa bezalako merkatu globalizatuan lehiatzeko orduan aurkitzen duten arazoetako bat beren tamaina izan ohi da. Hori dela eta, enpresa txiki eta ertainen hazkuntzan lagunduko duten programak ezarriko dira, enpresen arteko lankidetzaren, lankidetza publiko eta pribatuko proiektuen eta itun eta hitzarmenen bidez.

3.    Industria eta lehiakortasuna
Hirugarren ardatz honek industria aldarrikatzen du Bizkaiaren nortasun adierazle gisa. Horrez gain, Sailak lehiakortasuna sektore honetan eta lurraldeko beste lehentasun sektore batzuetan abiarazteko apustu sendoa egiten du, besteak beste, automobilgintzan, aeronautikan, energian edo osasunean. Horretarako, hain zuzen ere, berrikuntza, nazioartekotzea eta inbertsioa babesteko programak antolatuko dira.

Halaber, eta Sailaren barne egitura berriak sortzen dituen aukeren adibide gisa, gogor egingo da lan Bizkaiko lehiakortasuna areagotzeko orduan. Horretarako, azpiegitura produktiboak (bideak, komunikabideak, industrialdeak...) eta ukiezinak kudeatu eta hobetuko dira, eskualdeen, enpresen, eta azken finean, Bizkaiko pertsona guztien garapen orekatua lortzeko asmoz.

Aldundiak lurralde osoan ezarri nahi duen garapen orekatu eta kohesionatu honen barruan, zehazki, bide sarea hobetzeko lanak egingo dira, teknologia berriek eta ikerketek birziklapenaren eta berrerabilpenaren eremuan eskaintzen dituzten aukerak ahaztu gabe, horiek ere berritu egingo baitira.

4.    Talentua eta ezagutza
Laugarren ardatzean hainbat jarduera egingo dira prozesu oso bat garatzeko: kultura zientifikoa eta teknologikoa hedatuko dira, talentua sortuko da, eta enpresetako integrazioa burutuko da.

Ekonomia eta Lurralde Garapenerako Sailak kultura zientifikoa eta teknologikoa sustatu eta hedatzeko apustuari eusten dio, bokazio berriak piztu eta talentudun pertsonen mugikortasuna indartzeko unibertsitateen, erakunde teknologikoen eta enpresen artean, ezagutza hori gure enpresen errealitatera hurbiltzeko asmoz. Enpresa lehiakorragoak egiteko eta berrikuntza merkatura hurbiltzeko asmoz, gainera, ezagutza aurreratua sortzen duten zentroetako teknologia Bizkaiko enpresetara helarazten duten prozesuak sustatu behar dira.

Bertako talentua sortzeko, gainera, ezinbestekoa da Bizkaiak bikaintasuneko prestakuntza eskaintzea eta, ondoren, berau lurraldearekin lotzea, punta-puntako enpresa berritzaileetan integratuz. Era berean, Sailak nazioarteko talentua gure enpresetara erakartzeko lanetan jarraituko du.

5.    Bizkaia, lurralde orekatua
Azken ardatza Sail berriaren zeharkako ikuspegiaren beste adibide bat da. Izan ere, lurralde garapena landu nahi da, azpiegituretan inbertitzeak lehiakortasuna hobetu, enplegua sortu eta lurralde oreka antolatzen duela ulertuta.

Legegintzaldi honetarako, beraz, bide sarea hedatu eta hazteko eredu batetik baliabideak kudeatu eta hobetzeko eredu batera pasako gara, egungo bide sarearen eraginkortasuna, berrikuntza eta hobekuntza indartzeko, era globalean.

Hala, planifikazio inteligente eta arduratsua egingo da eta benetako azpiegitura beharrizana baloratuko da, lehentasuna, iraunkortasuna eta eraginkortasuna bezalako irizpideak oinarri hartuta. Aldi berean, azpiegitura sarea modernizatuko da, teknologien, materialen eta prozesuen gaineko berrikuntzak indartuko dituzten ekintzen bidez. Eta, ez hori bakarrik, lurralde garapena osatzeko, Bizkaiaren kanpo sustapenetik datozen aukerak eta inbertsioak ere aprobetxatuko dira.

Ardatz honetako jardueren artean daude, batetik, tokiko garapen programak, bereziki krisi ekonomikoaren eragin handiena jasan duten guneetan, eta, bestetik, merkataritza txikia babesteko programak.

Gainera, Bizkaiaren kanpo sustapenetik datozen aukerak eta inbertsioak aprobetxatuko dira, lurralde orekan eragin positibo eta orekatua izan dezaten, gure lurraldeko eskualde guztien beharrizanak kontuan hartuta.

Proiektu estrategikoak

Ardatz guzti hauetan bederatzi proiektu estrategiko babestuko dira, legegintzaldian zehar martxan jartzeko asmoz. Lehenak, ‘Doing business in Biscay’ delakoak, zerbitzu integrala eskainiko du inbertsioa eta talentua erakartzeko; bigarrenak, Energy Intelligence Center (EIC) ezagunak, energiaren sektorean aukerak bilatu eta berrikuntza indartzeko bidean aurrera egingo du, etorkizunerako aukera handiak sortu eta Bizkaiaren ekonomiarako aurrera pausu erabakigarriak emateko asmoz.

Elkarlanean Programaren bidez, bestetik, enpresen arteko lankidetza bultzatuko da, enpresa txiki eta ertainen hazkuntza indartu eta horien lehiakortasuna areagotzeko. Lehenengo Crowdfunding plataforma publikoa ere jarriko da martxan, eta, hari esker, finantzazio bide berriak eskainiko zaizkie gure lurraldeko enpresei.

Bestalde, ‘Programa 3i’ izenekoak babes integratua eskainiko die enpresa txiki eta ertainen inbertsioei, berrikuntzari eta nazioartekotzeari; ‘Be Basque Talent Network’ web plataformak talentua, enpresak eta lurraldea lotzea du xede; Bidesarean Planean Bizkaiko eskualde guztietako bide sarea hobetzeko jarduerak egingo dira; eta, azkenik, Errepideen Sektoreko Lurralde Plan berriaren (2017-2019) onarpena eta  Bilbao Bizkaia Be Basque nazioarteko proiekziorako estrategia dira Sail honek bultzatuko dituen proiektuak, legegintzaldi honetan bere jarduera zeharkakotasunaren ikuspegitik jorratzeko.