Azpiegitura

Foru Aldundiak 11,3 milioi euro bideratuko ditu 2013. urtean enpresa berriak sortzeko

Creacion13
• Berrikuntza arloko enpresa berriak sustatzeko programatutako esku-hartzeek, guztira, 9,4 milioi euroko aurrekontua izango dute, sormen industria bultzatzeko 1,2 milioi bideratuko dira, eta merkataritza eta eskualdeak berraktibatzeko programetara, ostera, 600.000 euro.

• Gaur onartu dira berrikuntza enpresa berriak sustatzeko eta "Bizkaia Sortzailea" programa barruan jasotako laguntzak arautzeko dekretuak; orotara 3,4 milioi bideratuko dira.

• Aurten lehen aldiz, diru-laguntzak emango dira nazioartean proiektuak garatuko dituzten profesionalak kontratatzeko gastuak partzialki laguntzeko.

• Enpresa Berriak Sortzeko 2012-2015 Foru Plana garatzeko programatutako jarduerei eta zuzeneko laguntza hauei esker, berrikuntza enpresetarako 75 proiektu eta 20 sormen enpresa sortzen laguntzea da xedea.

Aurten, Bizkaiko Foru Aldundiak 11,3 milioi euro bideratuko ditu enpresa berriak sortzea sustatzeko, zuzeneko diru-laguntzen eta bestelako esku-hartzeen bitartez, Enpresa Berriak Sortzeko 2012-2015 Foru Plana garatzeko testuinguruan. Hala, foru erakundeak 75 enpresa proiektu berritzaile eta 20 sormen enpresa sortzea lortu nahi du. Plan horretan jasotako zuzeneko laguntzak arautzeko dekretuak gaur bertan onartu ditu Gobernu Kontseiluak.

Dekretu horietako lehenengoaren xedea enpresa berritzaile berriak sustatzea da, eta horretarako 2,67 milioi euroko aurrekontua du. Zenbateko horrekin honako hauek lagunduko dira diruz:

  Enpresa proiektu berria garatzeko gastuen % 70, gehienez (bideragarritasun eta merkatu azterketak, prototipoak, txostenak eta azterlan tekniko zehatzak, etab.).

  Enpresa berri bat eratzeko ordaindutako kapital sozialaren % 30, gehienez.

  Enpresa berri bat abiarazteko eta martxan jartzeko gastuen % 60, gehienez, jabetza intelektual eta industriala babestetik eta lokal bat alokatzetik eratorritakoak.

  Eta berrikuntza gisa, negozioa nazioartean garatuko duen pertsona bat kontratatzeko gastuen % 60 gehienez diruz lagunduko da aurten. Pertsona horren eginbeharra izango da enpresaren negozio plana martxan jartzea edota salmenta eta merkaturatze sare bat eratzea.

Enpresa proiektu berritzaileak garatzeko laguntzak bi deialditan eskatu ahalko dira: horretarako, epeetako bat aurtengo maiatzaren 15ean bukatuko da, eta bestea, ostera, urriaren 15ean. Enpresa berritzailea bera eratzeko laguntzei dagokienez, diru-laguntzak irailaren 16ra arte eskatu ahalko dira.

Gaur onartutako bigarren dekretua “Bizkaia Sortzailea” programari dagokio; xedea Bizkaiko enpresa sortzaileen proiektu berriak garatzea da, dagoeneko martxan dauden enpresak zein sortu berriak izan.
Dekretu honek jasotako diru-laguntzek orotara 700.000 euroko zenbatekoa jaso dute; 3 eta 100 langile arteko enpresetarako prestatu dira, industria diseinua, ikus-entzunezkoak, bideo jokoak edo moda sektoreen barruan jarduten direnak.

Programa honen bitartez, Bizkaiko Foru Aldundiak honako hauek diruz lagunduko ditu:

  Proiektua garatzeko gastuen % 70, gehienez (bideragarritasun eta merkatu azterketak, prototipoak, marketin planak…), proiektua martxan jartzeko eta abiarazteko, eta jabetza intelektuala eta industriala babesteko.

  Enpresa berria sortuz gero, eratzeko ordaindutako kapital sozialaren % 30, gehienez, eta lokal bat alokatzeko gastuen % 60, gehienez.

  Aurten, berrikuntza gisa, enpresa berrien kasuan gastuen % 60 ordainduko da, gehienez, negozioa nazioartean garatzeko pertsona bat kontratatzeko, enpresaren negozio plana martxan jartzeko edota kanpoan merkaturatu eta saltzeko sare bat artikulatzeko.

“Bizkaia Sortzaile” programan jasotako diru-laguntzak eskatzeko epea maiatzaren 31n bukatuko da.

Diru-laguntza horiez gain, programa honek sormen sektorea dinamizatzeko zenbait esku-hartze ere aurrez ikusi ditu; atal horrek 550.000 euroko aurrekontua du, eta sormen enpresak bultzatzeko beste arlo bat da.

Enpresa berriak sustatzeko beste esku-hartze batzuk

Gaur onartutako zuzeneko laguntza horiez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak beste esku-hartze batzuk ere prestatu ditu, enpresa berriak sortzea bultzatzeko. Besteak beste, aurten 4,2 milioi euro bideratuko dira enpresa aholkularitzarako; Bizkaiko Foru Aldundiak Cedemin duen parte hartzea, BEAZ eta Ekintzailetzaren Kultura Programen bitartez betetzen dira eginbehar horiek. Halaber, 1,3 milioi euro Seed Capital Bizkaia foru sozietatera bideratuko dira; sozietatea enpresa berri eta berrikuntza arloko enpresetan inbertsioak egiten jarduten da, oro har.

Horren haritik, ekitaldi honetan zehar 730.000 euroko zenbatekoa erabiliko da enpresa haztegietarako, alegia, enpresa berriei kokaleku bat eskaintzen dien haztegietarako; horrez gain, 400.000 euro baliatuko dira gizarte berrikuntzaren arloan ekintzailetza sustatzeko programa berri batean.

Enpresa berritzaileak sustatzeko inbertsioak Enpresa Leihatila zerbitzuaren finantzaketaren bitartez osatzen da; enpresa berrientzako informazio, arreta eta izapidetze administratiboetarako zerbitzu bat da Enpresa Leihatila, Foru Aldundiak 2009an sortu zuena Bilboko Merkataritza Ganberarekin lankidetzan. Zerbitzu horrek aurten 110.000 euroko aurrekontua hartuko du.

Azkenik, Enpresa Berriak Sortzeko 2012-2015 Foru Planean jasotako esku-hartzeen artean merkataritza eta eskualdeak berraktibatzeko programak ere badira. Programa horien artean, Bizkaiko eskualdeetan aplikatzeko ekimena prestatu da, eta 100.000 euroko aurrekontua du; merkataritza dinamizatzeko programak, ostera, 500.000 euroko aurrekontua du.