Azpiegitura

Aurten, Aldundiak 14,8 miloii euro inbertituko ditu ETE eta Langile autonomoak sustatzeko

BFAAurten, Bizkaiko Foru Aldundiak 14,8 milioi bideratuko ditu «Enpresa txiki eta ertainak eta langile autonomoak sustatzeko 2012-2015eko plana»ren barruko laguntzetarako. Plana funtsezkoa da ekonomia eta enplegua suspertzeko estrategian; izan ere, Bizkaian 50.000 autonomo daude, eta 15.500 enpresa txiki eta ertainak. Laguntza hauen bidez, Foru Aldundiak helburu hau ezarri du 2013. urterako: 330 autonomori eta 750 enpresa txiki eta ertaini laguntzea, eta, hala, 15.000 lanpostu finkatzen laguntzea.

Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak adierazi duenez, 2012. urtean abiarazi zen «Enpresa txiki eta ertainak eta langile autonomoak sustatzeko 2012-2015eko plana»ri jarraiki, aurten ere hori arlotan banatzen dira laguntzak: berrikuntza, inbertsioa, eta nazioartekotzea. Horrez gainera, Imanol Pradalesek aurreratu du diru-laguntzak datorren asteartean onartuko direla, hilaren 26an, alegia.

Berrikuntza arlora bideratzen dira baliabide ekonomiko gehienak, ezinbesteko arloa baita Bizkaiko enpresen lehiakortasuna bermatzeko. Aurten, 8,5 milioi euro erabiliko dira enpresen berrikuntza sustatzeko eta berrikuntzaren aplikazioaren bidez kudeaketa eta parte hartzea hobetzeko.

Aldundiak espero du 330 enpresa txiki eta ertain izatea laguntzen onuradun, berrikuntzako 190 proiekturi eta kudeaketa eta parte hartzea hobetzeko 140 proiekturi laguntzeko.

Inbertsioari dagokionez, bi programaren bitartez bideratuko da Foru Aldundiaren laguntza: EETIFIL eta LALF programak, hurrenez hurren, enpresa txiki eta ertainei eta langile autonomoei laguntza ematen dietenak. Aurten aurrez ikusitako laguntzak 3,4 milioi eurora heltzen dira, eta honela banatzen dira: 2 milioi EETIFIL programarako eta 1,4 milioi LALF programarako.

Halaber, aurten, berariazko arlo bat gehituko da, txikizkako merkataritzari laguntzeko (sei langile baino gutxiago); horretarako, zirkulatzailearen maileguen interesen % 50eraino finantzatuko da, gehienez 3.000 euro onuradun bakoitzeko.

Programa horien bidez, Aldundiak 250 enpresa txiki eta ertaini eta 330 langile autonomori eman nahi die laguntza 2013. urtean.

Nazioartekotzearen arlorako ezarritako laguntzak 2,8 milioi euro izango dira guztira. Batetik, enpresen arteko lankidetza-proiektuak egiteko bideratuko dira; hala, enpresa txiki eta ertainek batzeko aukera izango dute atzerrian hobeto lehiatzeko (1.000.000 euro). Bestetik, laguntzak emango zaizkie enpresak nazioartekotzeko proiektuei (1,8 milioi euro).

Laguntza horien bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak 175 enpresa txiki eta ertaini lagundu, 15 lankidetza-proiektu egin eta atzerriak ordezkaritzak ezartzeko eta merkatu berriak bilatzeko 85 proiektu gauzatu nahi ditu.

ETEk eta langile autonomoak sustatzeko planaren 2012, urteari buruzko balantzea

Ekonomia Sustatzeko diputatuak «Enpresa txiki eta ertainak eta langile autonomoak sustatzeko 2012-2015eko plana»ren barruan iaz emandako laguntzei buruzko datuak jakinarazi ditu; iaz 11,8 milioi euro erabili ziren laguntza hauetarako. Haien bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak 658 enpresa txiki eta ertaini eta langile autonomori lagundu zien guztira.

Hain zuzen ere, Foru Aldundiak 7 milioi euro baino gehiago inbertitu zituen hainbat programaren bidez berrikuntza sustatzeko; guztira, 318 enpresa izan ziren programa horien onuradun. Enpresa horietako gehienek produktu eta prozesu berriak garatzeko laguntzak jaso zituzten; arlo horretan gastatu ziren baliabide ekonomiko gehienak: 3 milioi eurotik gora.

Inbertsioaren arloan, Aldundiak 14 milioi euro bideratu zituen EETIFIL programarako, eta 82 enpresa txiki eta ertaini eman zitzaion laguntza; LALF programaren bidez, berriz, 441.786 euro bideratu ziren, 147 langile autonomori laguntzeko.

Nazioartekotzeari dagokionez, iaz, 2,9 milioi euro inbertitu zituen Foru Aldundiak merkatu berriak bilatzeko. Enpresen arteko lankidetzarako laguntzetan, ostera, 1,1 milioi euro erabili ziren, 18 enpresaren artean banatu zirenak. Eta gainerako 1,8 milioi euro enpresak nazioartekotzeko proiektuetarako erabili ziren; 93 enpresa izan ziren laguntza horien onuradun.

Bilera 200 enpresa txiki eta ertainekin

Aurten, «Enpresa txiki eta ertainak eta langile autonomoak sustatzeko 2012-2015eko plana»ren barruan jasota dauden laguntzen aurkezpen ofiziala egin ondoren, Ekonomia Sustatzeko diputatuak «II. topaketa Bizkaiko enpresa txiki eta ertainekin» ekitaldian hartu du parte. Beaz foru sozietateak antolatu du ekitaldia, eta lurraldeko 200 enpresa txiki eta ertainek hartu dute parte.

Foro horretan, Imanol Pradalesek aurten emango diren laguntzen berri eman du, eta sektoreari jakinarazi dikzio 2012ko emaitzak, urte horretan ezarri baitziren lehenengoz diru-laguntzak.

Topaketan, era berean, enpresa txiki eta ertainekin aztertu da Bizkaiko Foru Aldundiak emandako zerbitzuen ebaluazioa, enpresek diharduten sektoreetan dauden beharrizanen berri eman da, eta aztertu da zer nolako interesa duten atzerrian merkatu berriak irekitzeko.

Gai horiek guztiak tratatzeko, lan-dinamika parte-hartzaile bat erabili da, eta enpresek eta foru agintariek elkarrizketa emankorra izan dute. Jardunaldi honen ondorioek balio handia izango dute Bizkaiko Foru Aldundiak ekonomia eta enplegua sustatzeko egiten dituen politikak hobeto diseinatzeko.