Azpiegitura

Ekintzaileei laguntza-zerbitzu integral bat eskaintzearen alde egitea

ALDUNDIAK ETA MERKATARITZA GANBERAK EKINTZAILEEI LAGUNTZA-ZERBITZU INTEGRAL BAT ESKAINTZEAREN ALDE EGIN DUTE

Ventanilla100

Gaur sinatu den 2012-2015erako hitzarmenaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak 440.000 euro jarriko ditu zerbitzu honen jarraitutasuna eta garapena bermatzeko. Bizkaiko ekintzaileei enpresa berriak martxan jartzeko informazioa emateko, arreta eskaintzeko eta administrazio-izapideetan laguntzeko doako zerbitzu integral bat da.


Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberak 2012-2015 esparru-hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, Ekintzaileei Laguntzeko Zerbitzua (Enpresa Leihatilaren Zerbitzua) mantendu eta garatzeko.

Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak eta Jose Angel Corres Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberako presidenteak gaur goizean sinatu duten hitzarmenaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzu honen kostu osoaren (880.000 €) % 50 finantzatuko du datozen 4 urteetan; guztira, 440.000 euro.

Enpresa Leihatila Bizkaiko enpresa txiki eta ertainetako ekintzaileentzako zerbitzu integral bat da; zerbitzu horren bitartez, haien enpresa berriak martxan jartzeko behar duten informazio eta laguntza guztia jasotzen dute.

Bizkaiko Ekintzaileei Laguntzeko Zerbitzu Integralak doan aztertzen ditu Bizkaiko ekintzaileek aurkezten dituzten enpresa-ekimen guztiak, eta ideiaren gauzatzeko, enpresa berri gisa eratu arte, bete behar diren administrazio-izapide guztietan laguntzen ematen die.

Bilboko Merkataritza Ganbera 2001an hasi zen ekintzaileei laguntzeko zerbitzu hau ematen, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak azaldu duenaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak lehentasunezkotzat jotzen du enpresa berriak sortzeko laguntza ematea eta ekintzaileei erraztasun guztiak eskaintzea, are gehiago oraingo egoeran, eta horregatik argi izan dute Merkataritza Ganberari laguntza eman behar zitzaiola, Bizkaiko ekintzaileei doako aholkularitza eskaintzen jarrai dezan.

Enpresa Leihatilari buruzko datuak

Jose Angel Corres Bilboko Merkataritza Ganberako presidenteak zehaztu du, 2009-2011 aldian, Ekintzaileei Laguntzeko Zerbitzuak 9.863 ekintzaile lagundu zituela (3.747 emakume eta 6.116 gizon) eta Bizkaian 105 enpresa sortzen lagundu zuela.

2011n bakarrik, on line egindako 3.746 kontsulta erantzun ziren, eta aholkularitza eman zitzaien enpresa sortu zuten 424 pertsonari.

2012ko lehen seihilekoan, on line egindako 2.631 kontsulta erantzun dira eta 181 pertsonari eman zaie laguntza enpresak eratzeko izapideetan.

Bilboko Merkataritza Ganberaren Enpresa Leihatilak bost laneguneko epean erantzun zuen aholkularitzen % 95; sozietate mugatua izan da formularik erabilietan.

Ekintzailearen profila

Enpresa bat sortzeko Merkataritza Ganberara laguntza eske hurbiltzen diren pertsonen profila honako hau da: gizona-emakumea, 25-45 urte bitartekoa, unibertsitateko ikasketak dituena.

Bigarrenik, Lanbide Heziketako prestakuntza zikloak egin dituzten 45 urtetik gorako gizonen portzentaje altu bat dago.

Bestalde, ezberdintasun bat dago emakumeek eta gizonek sortzen dituzten enpresen artean: estatistikoki, emakumeek txikizkako negozioak sortzen dituzte; gizonek, berriz, enpresei zerbitzuak eskaintzeko adarra aukeratzen dute.