Azpiegitura

Bizkaiko Foru Aldundiak enpresa txikien lehiakortasunerako ‘In Txiki’ plana onetsi du.

Plan honetan jasotzen diren diru-laguntzen bitartez, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak enpresa txikien lehiakortasuna sustatzea du xede, txekeo teknologikoak eta/edo berrikuntza-proiektuak baliatuz.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak, industria sustatu, ezagutzaren arloko zerbitzu aurreratuak sendotu eta zientzia eta teknologia alorrak sustatzeko konpromisoari jarraiki, Enpresa Txikien Lehiakortasunerako ‘In Txiki’ izeneko Plana taxutzen duten bi dekretuak onetsi ditu.
Enpresa txikien lehiakortasuna sustatzeko diru-laguntza guztiak biltzen dituen plana da; hori erdieste aldera, txekeo teknologikoak eta/edo berrikuntza-proiektuak baliatuko dira. Laguntza horiek guztiak lehia askeari dagokion araubidean emango dira eta Berrikuntza Zerbitzuak izapidetuko ditu.

Proiektu berritzaileetako laguntzei dagokienez, eta Dekretuan ezarrita dagoenez, eskabide bakoitzari gehienez emango zaion diru-laguntza 30.000 eurokoa izango da, eta eskabideak aurkezteko epea 2016ko irailaren 8an hasi eta urriaren 21ean amaituko da. Horrezaz gainera, produktuko eta prozesuko berrikuntzarako diru-laguntzak ere ezarri dira Dekretuan, hots, produktu berriak landu edota diseinatzeko edo egun badiren produktuak funtsez hobetzeko diru-laguntzak; halaber, diru-laguntza hauek ekoizpen-prozesuan berrikuntzak inplementatzea eta prozesuen etapak funtsez hobetzea dute xede, baldin eta hobekuntza horien helburua enpresari balio erantsi handiagoa ematea  bada.

Txekeo teknologikoak egiteko laguntzei dagokionez, diru-laguntzok proiektuaren zenbatekoaren % 80 estaliko dute (enpresa bakoitzak jasoko duen diru-laguntzaren muga 8.000 eurokoa da), eta eskabideak aurkezteko epea 2016ko irailaren 1ean hasi eta urriaren 21n amaituko da. Xedeari doakionez, ondokoa da txekeo teknologikoa: enpresak bere produktuetako edo ekoizpen-prozesuetako batean sumatu duen arazo jakin bati buruz agente teknologiko batek ematen duen aholkularitza; txekeo teknologiko horren bidez, irtenbiderik egokiena ezarriko da, edota soluziorik egokiena bideratzeko behar diren funtsezko argibideak emango dira.

Bi dekretuotan 3tik 50 pertsona arteko plantilla duten enpresentzako laguntzak jasotzea araupetu da; honako hauek dira enpresa horien jarduera-sektoreak (enpresok jarduera horietako batean aritu behar dute): industria, eraikuntza, garraioa, industriarekin loturik dauden zerbitzuak eta handizkako merkataritza.